Crea Salud gizartea eraldatzeko proiektu bat da, eta Euskadin eta Nikaraguan garatzen da.
Rositan, Prinzapolkan (Nikaragua) eta Bilbon (Euskadi), emakume nikaraguarrek prestakuntza jaso zuten sakelako telefonoen erabileran, beren komunitateetan eta auzoetan ekimen eraldatzaileak abian jartzeko tresna moduan erabiltzeko; bestalde, ikus-entzunezkoen bitartez, osasunaren arloan bizi dituzten errealitateak eta beren bizipenak erakusten dizkigute, bai eta beren beharrei erantzuteko orduan komunitatean nola antolatzen diren ere. Esperientzia horretatik, parte-hartzean oinarritutako dokumental bat sortu zen: “La Salud en mi Comunidad”; protagonisten begiradaren bitartez, herritar guztiek osasun-laguntza jasotzeko eskubidea izan dezaten beren komunitateetan abiarazten dituzten ekimenak ezagutuko ditugu.
Nikaraguako esperientzia horretatik abiatuta, maila globalean nahiz toki-mailan osasun-laguntza eskuratzeko orduan dauden desorekei buruz gogoeta egiteko prozesu bat abiarazi zuen Farmamundik osasunaren eta farmaziaren arloetako Euskadiko ikasleekin eta profesionalekin, eta aniztasunari lotutako ekitatearen dimentsioa (generoa, kulturartekotasuna, sexu-aniztasuna, ahalmen-aniztasuna) nabarmendu nahi izan du bereziki. Euskadiko hainbat udalerritan antolatutako prestakuntza- eta mobilizazio-prozesu batean parte hartzen dute ikasleek eta profesionalek, eta herritarrei zuzendutako sentsibilizazio-ariketaren gidariak dira, beren inguruan aldaketak sortzeko, gizarte bidezkoago baten eraikuntzan parte hartuz.
Esperientzia horien sistematizazioaren bitartez, hainbat baliabide pedagogiko landu ditugu, eta CreaSalud maletatxoetan jaso ditugu; horien bidez, prozesu parte-hartzaile eta eraldatzaileak abiarazi ahal izango dira osasunerako eskubidearen inguruan. Horretarako, prozesu horiek ezartzeko prestatzen ditugu irakasleak, eta bide horretan laguntzen diegu. Prozesu horietan, ikasleek, jolasaren eta lan kooperatiboaren bidez, tokian tokiko nahiz maila globaleko osasun-sarbidearen errealitateari buruzko ikus-entzunezko proiektu propioak diseinatzen dituzte eta horien inguruko hausnarketa egiten dute, parte-hartzea, inplikazioa eta mobilizazioa sustatuz beren ingurunea eraldatzeko.
TESTUINGURUA
Osasunaren esparruko desorekak herrialde bereko edo herrialde desberdinetako pertsonen artean gertatzen diren aldeei edo desberdintasunei egiten die erreferentzia. Gizarte-mailen, generoaren, etniaren eta beste faktore politiko eta sozioekonomiko batzuen arabera, oso desberdina da osasun-laguntza eskuratzeko aukera. CreaSalud proiektuko parte-hartzaileek ekimen ugari jarri dituzte abian desberdintasun horiek ikusarazteko eta horiei aurre egiteko.
HELBURUAK
Ahalduntzea
Gizartea aldatzea
Herritarrak mugiaraztea
Erantzuteko gaitasuna
Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko elkarrizketa
Komunikazio horizontala
METODOLOGIA
Proiektuak parte-hartzean oinarritutako ikus-entzunezko sorkuntza erabiltzen du gogoeta egiteko eta gizartea eraldatzeko tresna gisa.
Lankidetzaren bidez egiten da, prestakuntza-prozesuen eta edukien eraikuntza kooperatiboaren bidez; jolasa erabiltzen da tresna gisa, bai eta ikaskuntza-prozesuak eta zerbitzu solidarioa ere, gogoeta egiteko eta partaideen gaitasunak garatzeko. Gainera, parte-hartzaileek komunikazio horizontaleko ariketa bat gidatzen dute, beren komunitateetan eta auzoetan prozesu eraldatzaileak sortzeko eta gizarte bidezkoago eta berdinzaleago baten eraikuntzan parte aktibo izateko.