Blog

DOKUMENTALAREN ESTREINALDIA

Azaroaren 12an, Mairin nani dokumentala estreinatuko dugu, Nikaraguan 2019an egindako lanaren emaitza.

Dokumental hau CreaSalud proiektuaren zati da. Farmamundi 2016tik ari da garatzen Euskadin proiektu hori, itsasoaren bi aldeetan prozesu eraldatzaileak garatuz eta osasunaren inguruko elkarrizketa sortuz Nikaraguaren eta Euskadiren artean.

Euskadiko egoitzako koordinatzaile den Pabloren hitzetan, “CreaSalud proiektuaren sorreran pertsona eta gizatalde guztiok ekarpen ugari egin ditzakegun ustea dago, ezagutza asko baititugu partekatzeko, eta ikaskuntza asko elkarlanean sortzeko. Berdin dio zein diren gure jatorria, egoera soziala, adina… Pertsona guztioi dagokigun zerbait da osasuna”. Hori dela eta, proiektuaren abiapuntua Nikaraguako emakume talde baten esperientzia da. Emakume horiek parte-hartzean oinarritutako ikus-entzunezko sorkuntza-lan bat garatu zuten, eta, sakelako bi telefonoren bidez, beren komunitateen osasun-errealitatea, beren gogoetak eta eremu horretan izandako esperientzia eraldatzaileak dokumentatu zituzten; modu horretan, problematika global baten aurrean zuten ikuspegi konplexua eta osoa helarazi ziguten.

“Parte-hartzean eta gogoetan oinarritutako esperientzia horietatik abiatuta, proiektua hazten joan zen, eta aldaketak sustatzeko bide eta modu berriak aurkitu zituen. Gaur egun, osasunaren eta gizartearen arloko irakaskuntzak dituzten LHko 14 ikastetxerekin egiten dugu lan, beren esperientzia eraldatzaileak sortzeko tresnak izan ditzaten.”

Baterako lan-prozesu horretan, Iratik, Farmamundi Euskadiko hezkuntza-teknikariak, Nikaraguara bidaiatu zuen 2019ko udan, 2016an beste alderdiarekin, Acción Médica Cristianarekin (AMC), hasitako prozesuarekin jarraitzeko eta lehen faseko emakume protagonistekin eta erakundeko teknikari berriekin lanean jarraitzeko. “Nikaraguako lana handia eta magikoa izan zen. Hegazkinez bidaia luzea egin ondoren, eta furgonetan, taxian eta hegazkin arinean bidaiatu ondoren, Alamikambara iritsi ginen, eta han ezagutu nituen gure protagonistak, haiekin hitz egiteko aukera izan nuen, eta haien lanak Euskadin izan zuen eragina kontatu nien”.

Bidaia horren emaitza da Mairin nani dokumentala; emakume indigenen bizitzan murgiltzen gaitu dokumentalak, osasunaz hitz egitea pertsonen bizitzaz hitz egitea baita. “Emakume indigenen bizitzara hurbiltzeko aukera izan dut, eta Leandra, Marinela, Andrea eta Beatriz ezagutzea benetako oparia izan da niretzat. Beren etxeetako ateak ireki zizkiguten, beren familiatan hartu gintuzten, eta beren istorioak eta ametsak kontatu zizkiguten, emakume indigenen bizitzan apur bat gehiago murgildu gaitezen”.

Zatoz dokumentalaren estreinaldira azaroaren 12an, 19:00etan Farmamundiren Youtube kanalean