Blog

Osasuna nire komunitatean dokumentalaren estreinaldia

rollup2

Ekainaren 14an, Osasuna nire komunitatean dokumentalaren estreinaldia egin genuen Bilboko Golem Alhondiga zinema-aretoetan. Dokumental hau, CreaSalud proiektuaren barnean garatu den historia hau, Ana Ceciliak, Celmirak, Irelak eta Claudiak egin dute, beraiek baitira protagonistak. Kameraren aurrean eta atzean jarri dira emakume horiek, beren telefonoen bidez Rosita herriko eta Prinzapolka ibaiko komunitateetako errealitate kulturaniztuna dokumentatzeko, nahiz eta aurrez ez zuten esperientziarik ikus-entzunezkoen esparruan.

Bizilagunak, emaginak, komunitateko eragileak, medikuntza tradizionaleko eragileak, osasunaren esparruko profesionalak eta abar elkarrizketatu dituzte hainbat komunitatetan, osasunari buruzko gogoeta jasotzeko.

Osasuna nire komunitatean dokumentalaren estreinaldi honetan, protagonisten ahots eta begietatik hurbildu ginen historia horietara guztietara. Lau emakume ausart, indartsu eta ahaldun horiek beren ikaskuntza guztiak erakutsi dizkigute, bai eta duten adorea ere, eta bizi duten errealitatea hurbilagotik ezagutzeko aukera eskaini digute.

Dokumentala ikusi ondoren, lunch bat izan genuen, eta aukera izan genuen dokumentalak sorrarazi zizkigun zirrarak, gogoetak eta sentimenduak partekatzeko. Aldi berean, bideo-kamera baten bidez, dokumentala ikustera etorri zirenen lekukotzak eta horiek gure protagonistei bidalitako mezuak jaso ahal izan genituen.

Mila esker, berriro ere, une hori gurekin partekatzera etorri zineten guztioi. Oso egun hunkigarria eta garrantzitsua izan zen, eta, egindako lanaren eta ahaleginaren ondoren, babes handia sumatu genuen; osasuna eskuratzeko orduan dauden desorekak salatzen ari garenak asko eta asko garela sentitu genuen.

Mila esker Bizkaiko Foru Aldundiari eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari, pertsona guztientzako osasunerako eskubide unibertsalaren defentsan emandako babesarengatik, konfiantzarengatik eta inplikazioarengatik. Eta, nola ez, mila esker CreaSalud proiektuko parte-hartzaile guztiei, ikuspegi honekin bat egiten duzuen eta egunero zuen konpromisoa erakusten duzuen hainbat eta hainbat pertsonari eta erakunderi; zuek gabe, ez litzateke posible izango. Eskerrik asko, zuen lanarengatik eta ahaleginarengatik.

 

DSC_0866

Laster, webgunean ikusi ahal izango dugu dokumentala, irekian, bai jatorrizko bertsioan, bai euskarazko azpitituluekin. Era berean, CreaSaludeko proiektuaren material berriaz ere gozatu ahal izango dugu, benetako protagonistei ahotsa ematen jarraitzeko, eta osasunerako eskubideaz eta eskubide hori gauzatzeko orduan dagoen desorekez gogoeta egiten jarraitzeko.