Blog

Primerako esperientzia Fadura LHIIn

Hilaren 18an hasi ginen Fadura LHIIko Osasun Larrialdietako zikloko ikasleekin lanean. Osasunerako eskubideari eta munduan osasun-arreta eskuratzeko aukerei buruz gogoeta egin ondoren, gure errealitatean sakondu genuen, eta gure inguru hurbilean zer-nolako desorekak eta errealitateak identifika genitzakeen aztertu genuen, gure proiektuaren bidez horiek ezagutarazteko. Generoaz, zainketaz, migrazioaz, adimen-osasunaz eta abarrez hitz egin genuen. Eztabaida sakonak izan genituen, eta ikasleen parte-hartzea ezin hobea izan zen! Hasierako gogoeta horietan oinarrituta, ikasleek ikus-entzunezko proiektuak prestatu behar zituzten, elkarrizketa laburren formatuan, errealitate horiek nahiz ateratako ondorioak gizarte osora zabaltzeko, sare sozialen bidez.

web1

Bi egunetan, ikus-entzunezko tekniken inguruko prestakuntza jaso genuen, osasun-arreta eskuratzeko aukerari buruzko gogoeta elkarrizketa laburren bidez bideo-formatuan islatzeko. Planoa, argiak, soinua eta antzeko kontzeptuak berrikusi ondoren, elkarrizketa bat arrakastaz egiteko gakoak ikasi eta bideoak editatzeko oinarrizko urratsak landu ondoren, praktikak egin genituen ikasgelan, bakoitzak bere bideoa grabatzeko prestakuntza gisa.

Zoritxarrez, gauza on guztiek dute amaiera. Mila esker ikasle guztiei, egindako ahaleginagatik eta erakutsitako inplikazioagatik! Bereziki, eskerrak eman nahi dizkiogu Constan irakasleari, prozesu guztian eman digun laguntzagatik. Azken saioan, taldeek bideo formatuan egin zituzten emaitzak ikusi genituen, eta atera zituzten ondorioak aurkeztu zizkiguten. Eztabaida bizi batez gozatzeko aukera ere izan genuen, eta bakoitzak bere iritziak, gogoetak eta kezkak partekatzeko aukera izan zuen eztabaida horretan.

web2

Ondoren, komunikazio-ariketa bat egin genuen, non ikasleek beren bideoak eta gogoetak sare sozialen bidez partekatu zituzten. Gure osasunerako eskubidea gauzatzeko orduan aurre egin behar diegun desorekak salatu egin behar direla diote guztiek, eta ikasle horiek beren bideoen bidez egin dute beren ekarpena!

Eskerrik asko, berriro ere, egindako lan guztiagatik, eta hurrengora arte!