Lantegiak jarri ditu abian ikastetxeetan CreaSaludek!
Oraingo honetan, Santurtziko San Jose de Calasanz ikastetxeak ireki zizkigun ateak, farmaziako eta parafarmaziako laguntzaileen erdi-mailako zikloko ikasleekin batera maila globalean eta toki-mailan osasun-arreta eskuratzeko dauden desorekei buruz gogoeta-prozesu bat egin ahal izateko, eta ikasleek beren ikus-entzunezko proiektua egin zezaten, desoreka horiek salatuz.
Lehenengo egunean, aurkezpen labur baten ondoren, desorekei buruzko gogoeta egin genuen, Nikaraguan egindako ikus-entzunezko pildoren bidez eta arreta generoan eta osasunean jarriz bereziki. Bideoaren inguruan sortu ziren gogoetak abiapuntu hartuta, errealitate hurbilagora gerturatu genuen eztabaida, eta, osasun-arreta eskuratzeko eskubideari dagokionez, gure inguruan ere desorekak badaudela jabetu ginen, genero, etnia, erosteko ahalmen eta beste hainbat arrazoik bultzatuta, zehazki.
Hasierako debatearen ondoren, sortu nahi zuten proiektua lantzen hasi ziren ikasleak, eta beren inguruan zer gaik islatzen zuten desoreka hori aztertu zuten. Hainbat gai proposatu zituzten: osasun-arretarako eskubide desberdina belaunaldien arabera, antikontzeptiboen inguruko ikuspegi desberdina gizonen eta emakumeen artean, generoaren alborapena osasunarekin lotutako ikasketetan… Hurrengo saioetan, aukeratutako gai horietan sakontzen jarraituko genuen.
Ondorengo bi saioetan, gaiei buruzko gogoeta egiten jarraitu genuen, grabazio-lantegien bidez. Lehenengo urratsa tresnak eta grabaziorako teknikak ezagutzea izan zen, enkoadratzea, kokapena, argiak eta soinua kontuan hartu ahal izateko. Eta, horrez gain, elkarrizketa bikainak egiteko jarraibideak eman ziren. Horri guztiari esker, ikasleek elkarrizketatu behar zituzten pertsonengandik zer informazio lortu nahi zuten sakondu zuten, eta elkarrizketa on bat egiteko oinarri-oinarrizko teknikak eskuratu zituzten.
Teoriaren zatia amaituta, alderdi praktikoa lantzeko unea zen. Batak bestea elkarrizketatuz tresnak erabiltzen ikasi zuten, eta jada prest zeuden beren elkarrizketak grabatzera kalera irteteko. Elkarrizketaren inguruko praktikak egin ondoren, bideoak editatzeko prestakuntza eskaini zitzaien; beren proiektua biribiltzen lagundu zien prestakuntza horrek, grabazioak amaitu ondoren elkarrizketa oso bat aurkeztu ahal izateko.
Aste horretako azken saioan eta grabazioak egitera irten aurretik, aukeratu zituzten gaiak apur bat gehiago landu genituen ikasgelan, aukeratutako gaiak sakon aztertu eta elkarrizketa egin aurretik gogoeta on bat egin zezaten.
Azken saioan, farmaziako eta parafarmaziako graduko ikasleek maila globalean zein toki-mailan osasun-arreta eskuratzeko dugun aukerari buruz gogoeta egin ondoren garatutako bideoak ikusi genituen. Bideoak ikusi aurretik, talde bakoitzak bere ikus-entzunezko proiektua aurkeztu zuen, hasierako saioaren ondoren egindako gogoeta-prozesu osoa azalduz. Gaia nola aukeratu zuten, elkarrizketatu behar zuten pertsona nola aukeratu zuten eta proiektua lehendabizi planteatu zutenean zer ideia zuten jakin ahal izan genuen. Bideoak ikusi ondoren, talde bakoitzak bere ondorioak, gogoetak eta esperientzia horretatik gehien gustatu zaiena azaldu zituen, bai eta hobetzeko espazioak ere.
Proiektuaren azken zatia komunikazio-ariketa bat izan zen. Sare sozialek egunerokotasunean duten garrantzia eztabaidatu eta sarea hedapenerako eta harremanetarako oso tresna indartsua dela ikusi ondoren, informazioaren igorle ere bagarela berretsi genuen, ez hartzaile pasiboak soilik. Horrela, gehien erabiltzen dituen sareak aukeratu zituen talde bakoitzak, eta mezu bat sortu zuen, bere bideoak nahiz CreaSaludeko proiektuko ikus-entzunezko pildorak hedatzeko.
Berriro ere, plazer handi bat izan da neska eta mutil hauekin lanean jardutea. Eta, jakina, ezin ahaztu ikastetxeko irakasleek eskainitako babesa. Eskerrik asko San Jose de Calasanz.