Otsailean eta martxoan, Nikaraguako Nahuatl elkarteko kide diren emakumeek hartu zuten parte CREASALUD proiektuan.
Osasun-arreta eskuratzeko orduan dauden desorekei buruzko gogoeta egin genuen elkarrekin, haien esperientziak ezagutu genituen, eta beren bizipenak partekatu zituzten gurekin. Telefono mugikorren bidez, beren bizitzaren, kezken eta beldurren berri eman zuten, bai eta beren proiektuen eta itxaropenen berri ere, beste talde eta esparru batzuetan partekatzeko eta horiei buruzko gogoeta sustatzeko. CreaSaludek ahotsa ematen die normalean inork entzuten ez dien pertsonei, eta kameren aurrean eta atzean protagonista izateko baliabideak eskaintzen dizkie.
Esperientzia hori baliagarri izango zaigu osasunaren eta farmaziaren arloetako Euskadiko ikasleekin eta profesionalekin maila globalean nahiz toki-mailan osasun-arreta eskuratzeko orduan dauden desorekei buruz gogoeta-prozesu bat partekatzeko, emakumeengan eta gutxiengo etnikoengan arreta jarriz. Sinestezina da emakume horiek nola lan egiten duten eta beren bizitza gurekin nola partekatu duten ikustea!
Otsailaren hasieran elkartu ginen lehengo aldiz. Une hartan ezagutu genuen elkar, eta proiektu honen aurrean genituen kezkak, ardurak eta itxaropenak partekatu genituen. Horrez gain, errealitatean munduan osasun-arreta jasotzeko dugun aukerari buruz gogoeta egin genuen elkarrekin, eta baita genero eta etnia arrazoiengatik dauden desorekei buruz ere, emakume horiek oso gertutik bizi duten errealitatea baita.
Nikaraguako parte-hartzaileek iaz egin zituzten pildorak elkarrekin ikusteko aukera izan genuen. Txundituta gelditu ginen emakume horiek egindako lanarekin eta erakutsitako ausardia eta gaitasunarekin. Nahuatl elkarteko parte-hartzaileek oso positibotzat jo zituzten pildora horiek, emakume horiek beren komunitateko protagonista eta ahots bilakatzen direla ikusi baitzuten.
Gogoetaren ondoren, geure edukia lantzeko ordua iritsi zen, Nahuatl elkarteko emakumeek ere, Euskadiko emakume nikaraguarrak diren aldetik, ahotsa eduki eta beren historien garapenean parte hartu nahi baitzuten. Horretarako, diagnosi parte-hartzaile bat egiten hasi ginen, non emakumeek beren esperientziak, beren ametsak, itxaropenak, beren errealitatea eta abar partekatu zituzten, emakume migratzaile eta langile diren heinean osatutako historia, hain zuzen. Une horretan aukeratu genituen osasunari buruzko beren pildorak garatzeko hurrengo saioetan landuko ziren gaiak.
Asteburu batean, Nahuatl elkarteko emakumeekin bildu ginen, beren historiak kontatzeko “berriemaile mugikor” gisa presta zitezen. Alderdi teknikoarekin lotutako guztia ikasi genuen: enkoadratzea, argiak, soinua, osagarrien erabilera eta beharrezko aplikazioak. Baina dena ez da teknika, eta historiak kontatzen, narrazioa bat egiten eta elkarrizketak egiten ikasteko lantegi bat ere egin genuen.
Alderdi teknikoak nahiz kontakizunei zegokienak ezin hobeto bateratu zituzten teoria eta praktika, eta parte-hartzaileek aukera aparta izan zuten gerora erabiliko zuten grabazio-ekipamenduarekin trebatzeko. Txantxa eta lotsa apur batekin baina batez ere gogoz lan eginez garatu ziren lehen ariketak, emakume horiei gero beren kontakizunak sortzeko bide emango dieten ariketa horiek, hain zuzen.
Era berean, beren ikus-entzunezkoen edukiak prestatu zituzten, beraien bizitza kontatu nahi zutela erabaki baitzuten emakume horiek. Eta asko dute kontatzeko!
Alde genuen eguraldia grabazioaren lehen saioan! Egun eguzkitsu hark kanpoan grabazioak egiteko aukera eman zigun, elkarrizketak egiteko lekurik egokienak hautatuz beti, eta argia eta enkoadratzea kontuan hartuz. Agertokia prest izanik, kameraren aurrean nahiz atzean kokatzea besterik ez zen falta.
Banan-banan, elkarrizketak egin zituzten, elkarrizketatu gisa batzuetan, elkarrizketatzaile gisa beste batzuetan, eta baita kamera gisa ere. Urduritasuna, lotsa eta zalantzak bazituzten ere, izugarrizko naturaltasuna erakutsi zuten kameren aurrean.
Ireki egin ziren, beren historiak kontatu ahal izateko, esateko asko daukaten emakume gogor eta ausarten historiak kontatu ahal izateko. Mila esker, Mari, Mariana, Silvia eta Estebana.
Martxoaren 25ean, Nikaraguako Nahuatl elkarteko emakumeen grabazioekin jarraitu genuen. Egun horretan eguraldiak lagundu ez zigun arren, txoko politak bilatu genituen, gure elkarrizketetan sakontzen jarraitzeko.
Evaren eta Marlenen esperientziak eta lekukotzak ezagutu genituen. Historia luzea eta zer kontatzeko ugari duten bi emakume dira. Marianak lagunduta, grabazioen oinarrizko printzipioak gogoratu genituen, eta, berehala, kameraren aurrean zein atzean kokatu ziren, elkarrizketak egiteko. Ez dute hutsik egiten! Profesional handi gisa elkarrizketatu zuten elkar, eta beren kezkak eta desioak partekatu zituzten gurekin.
Zenbat historia, zenbat kontatzeko, zelako adorea… Oso gustura egon ginen beren esperientziak gurekin partekatu zituzten bitartean. Eskerrik asko, neskak!