Blog

SENTIMENDUAK PANDEMIAN

Azken urte eta erdian bizi izan dugun osasun-egoerak kolokan jarri du munduko biztanleria. Gaixoen ezinegonari berari, senideak edo lagunak galtzearen ondoriozko sufrimenduari, zainketen krisia eta munduko desberdintasunen ebidentzia gehitu zaizkio.

Egoera zailak bizi izan ditugu, muga-mugan jarri gaituzte, eta errealitate hori bereziki pairatu duen kolektibo bat gazteena izan da. Antsietatea, depresioa, etorkizunarekiko beldurra, motibazio falta, zailtasunak ikasketetan,… Zerrenda luzea da eta belaunaldi oso batek egoera horien guztien berri ematen du.

CreaSalud proiektuan parte hartzen duten ikasleek ere beren ekarpena egin nahi izan diote gai horri buruzko hausnarketari, protagonista nagusi gisa. San Luis edo Arizmendi bezalako ikastetxeetan, urte honetan hainbat eta hainbat gaztek konpartitu duten errealitatea jarri da mahai gainean.

Bideoen bidez, ikasturte honetan, konfinamenduan, familia-harremanekin eta lagunekin izan dituzten arazoak agerian utzi nahi izan dituzte. Baina ez hori bakarrik, nahiago izan dute jarrera positiboak indartu, aukerak eta ikaskuntzak azpimarratuz. Denbora horretan zaletasun berriak garatu ahal izan dituzte, sormena sustatu, familiako denboraz gozatu, harremanak izateko modu berriak bilatu, azken finean, elkar ezagutzeko aukera paregabea!

Prozesu erraza ez denez, bere hausnarketen bidez iristen zaigun gomendioa senide, lagun eta profesionalen laguntza bilatzea da, baldin eta denbora horretan tristura, estualdia edo bakardadea sentitu bada. Baikortasunak borroka hau irabaz dezala!