Bilboko Ángeles Custodios Ikastetxeko“Farmazia eta Parafarmaziako Teknikaria» lanbide-heziketako erdi-mailako zikloko ikasleek parte hartu dute Crea Salud proiektuko jardueretan Euskadin, 2017ko apirilaren 25ean eta 28an eta maiatzaren 4ean.
Osasun-eskubideaz eta osasun-laguntzaren eskuragarritasunean dagoen desorekaz gogoeta egin dute egun horietan, generoaren eta kulturartekotasunaren ikuspegitik. Proiektu honetan jarri dituzte beren sormena eta motibazioa, herritarrei beren gogoetak helarazteko eta osasun-eskubidea babesteari begira herritarrak sentsibilizatzen eta motibatzen laguntzeko. Prozesu horren guztiaren emaitza ikus-entzunezko lau lan dira, parte hartu duten pertsonek pentsatu eta sortuak; gai horretaz duten ikuspegia islatzen dute.
Lehenengo, gogoeta bat egin zuten taldean, Ana Ceciliak eta Jessmarak (gurekin parte hartzen duten Nikaraguako bi emakume) kontatutako historietatik abiatuta. Generoaren eta osasunaren binomioa izan zuen ardatz debateak, bai eta herri indigenen eta gutxiengo etnikoen errealitatea ere. Hasierako gogoeta horietatik abiatuta eta taldean lan eginez, gogoeta sakonago bat egiteari ekin zioten. Talde bakoitzak landuko zuen eta parekoen artean eta inguruan zabalduko zuen ideia zehaztu zuen, eta bakoitzak bere ikus-entzunezko proiektua diseinatu zuen. Azkenik, proiektuan emandako telefono mugikorrarekin, talde bakoitzak bere bideoa editatu zuen, eta, azkenean, bakoitzaren gogoetak eta Nikaraguako parte-hartzaileenak beren inguruko pertsonei helarazi zizkieten, sare sozialen eta berehalako mezularitza-zerbitzuen bidez.
Garrantzitsua da oso ikasleen parte-hartzea, originaltasuna, lana, motibazioa eta sormena azpimarratzea. Plazer handia izan da, egiaz, truke, gogoeta eta sormen-saio hauek elkarrekin partekatzea. Justizia sozialarekiko eta berdintasunarekiko konpromiso horri eusten jarraituko duzuela espero dugu.
Eta, noski, eskerrak eman nahi dizkiegu ikastetxeko irakasleei ere, beren parte-hartze eta inplikazioagatik; proiektu hau abian jartzen laguntzeko prest agertu dira beti, baita artean ernaltzeke zegoen hazi txiki-txiki bat zenean ere. Atsegina da zinez gizartearen esparruan halako konpromisoa erakusten duen eta jarduera berritzaileak gauzatzeko horren jarrera irekia duen irakasle talde bat ikustea. Eskerrik asko!