Blog

Laster arte Karibe Kosta!

Ia hilabetez lanaldi luze, bilera, plangintza, lantegi, praktika, baliabideen grabazio eta elkarrizketa ugari egin ondoren, amaitzear dago Nikaraguan zuzenean egin dugun lana, eta, horrekin batera, baita han partekatu ditugun une, ikaskuntza eta prozesu ugari ere. Zalantzarik gabe, horiexek dira, hain zuzen, CreaSalud ekimenaren izateko arrazoia.

Sendo jardun dugu lanean, uste osoa baitugu modu horizontalean eta lankidetzan oinarrituta bi norabidetan garatu den proiektu hau baliagarria izango dela Nikaragua Iparraldeko Karibe Kostako (Rosita eta Prinzapolka) emakume parte-hartzaileen eta Euskadiko hainbat ikastetxetako ikasleen artean taldeko gogoeta bat sustatzeko; testuinguru desberdinetan osasun-arretaren esparruan dauden genero-desberdintasunei buruzko gogoeta, hain zuzen.

Imágen Nicaragua CreaSalud_1.194.1

Celmira participante. Taller de edición_MG_7107c

Helburu horrekin, honako gai hauek landu ditugu: amen osasuna, haurdun dauden emakumeekin eta haur jaioberriekin emaginek egiten duten lana, sexuarekin eta ugaltzearekin lotutako osasuna, osasunean oinarritutako hezkuntza, medikuntza tradizionala eta abar. Esparru horiek aztertzean, garbi ikusi dugu Nikaragua Iparraldeko Karibe Kostako Osasuna ezin dela ulertu komunitatean antolatutako sare baten presentziarik gabe. Sare horren bidez, hainbat eragile boluntario ari dira lanean, komunitatean osasun-arreta hobe eta eraginkorragoa sustatzeko.

Teknikarien taldeak, lekuan bertan nahiz Euskadin CreaSalud garatu duen taldeak –Nikaraguako gure kontrapartea den elkartearekin (Acción Médica Cristiana) elkarlanean beti– ezin du agur esan, modu batean edo bestean gizartea eraldatzeko prozesu honetan parte hartu duten pertsona guztiei bere esker ona azaldu gabe: Nikaraguako tokiko elkarteei, Euskadiko ikastetxeei, hainbat herritako teknikariei, elkarrizketatutako boluntarioei eta abarri.

20170226_121336

Eta, batez ere, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Celmirari, Ana Ceciliari, Yessmarari, Claudiari, Irelari eta Joenyri, hau da, prozesu honetan zuzenean parte hartu duten emakume horiei. Behar-beharrezkoak izan dira guztiak lan hau gauzatzeko. Gogor lan egin dute, asko saiatu dira, ezaguera berriak bereganatu dituzte, eta beste asko hobetu dituzte. Bene-benetako konpromisoa hartu dute CreaSaludekin, eta beren komunitateko alderdi esanguratsuei buruzko bideo-grabazioak eta elkarrizketak egin dituzte, guk, iparraldetik, errealitate desberdinak ezagut ditzagun, eta osasunerako eskubide unibertsalaren eta genero-berdintasunaren defentsarekin konprometituta dauden herritar aktibo bilaka gaitezen.

MILA ESKER!

Lanean ari gara berriro ere modu parte-hartzailean CreaSalud garatzen jarraitzeko!