Blog

OSASUN MENTALAREN EGUNA

Urriaren 10ean, Osasun Mentalaren Munduko Eguna izan zen, eta lelo hauxe izan zuen: Osasun mentaleko arreta guztiontzat: egin dezagun errealitate.

Azken urte eta erdian, COVID-19aren pandemiak hankaz gora jarri du herrialde guztietako milioika pertsonaren bizitza, eta familien eta komunitateen bizimodua aldatu du. Osasun mentalari buruzko eztabaida jarri du mahai gainean pandemiak, eta osasunaren sektoreko profesionalei, bakarrik bizi direnei edo aurretik gaixotasunak zituztenei eragin die bereziki. Bizitza poliki-poliki normaltasunera itzultzen ari den arren, ezin dugu galdu osasun mentala fokupean jartzeko aukera, ez eta kalitatezko zerbitzuak eta osasunaren zati garrantzitsu horren alde jardun integrala lortzeko aukera ere.

Farmamundikook urteak daramatzagu osasun mentalaren arloan lanean, ezinbestekoa baita pertsonen ongizaterako; ikastetxeekin egindako lanari esker, osasun mentalarekin eta emozioen kudeaketarekin lotutako kontzeptuak ikasleekin lantzeko materialak ditugu. Gida honek, CreaSalud maletaren barruan dagoenak,  materiala eskaintzen du ikasleek beren esperientzietatik beren emozioak ezagut eta onar ditzaten. Jolasaren bidez, ikasleak harremanetan jartzen dira osasun mentalari lotutako kontzeptuekin, eta, ondoren, taldean, beren errealitateari buruz eztabaidatzen dute: nola sentitzen diren eta nola sentitzen dituzten gainerako pertsonak; horrela, hausnarketa kritikoa sortzen dute, osasun mentalarekin lotutako estigmak hautsiz eta gure ingurunean oso presente dagoen errealitatea ikusarazteko mobilizatuz.

Pandemia garai honetan, ikasleak argi eta garbi jabetu dira osasun mentalaren garrantziaz, eta hori jasota geratu da aurreko ikasturtean egin zituzten ikus-entzunezko proiektuetan, hala nola ondoren aurkezten dizugun honetan. Horrelako bideo gehiago ikus ditzakezu ikus-entzunezko esperientzien atalean.

Geure osasun mentala zaintzeko, elkar ulertzeko, maitatzeko eta, horrela, besteei laguntza emateko aukera izateko eskura ditugun baliabide guztiak aprobetxatzeko unea da.