Blog

Éxito de asistencia al estreno del documental sobre los cuidados, ‘El peso sobre mi’

Bilbon, 2021eko azaroaren 4an. Euria euri, ehun lagun baino gehiago hurbildu ziren areto bilbotarrera, Farmamundiren partaidetzazko dokumentala ikusteko. Bertan, zainketei eta zeregin horren ondorioz gure gizartean sortzen diren isolamenduari eta baterako erantzukizunaren faltari buruz hausnartzen da. Dokumentalak gaiari buruzko hausnarketa kritikoa sorrarazi zuen bertaratutako ikus-entzuleen artean, oraindik ere erkidegoan etxeko eta zainketetako lanak egiten dituzten 10 lagunetatik 3 baino ez direla gizonak kontuan hartuta.

‘Dena neure gain’ dokumentalak ez zuen inor epel utzi, ezta protagonistetako bat den Sagrario bera ere. Joan baino lehen, honako hauxe adierazi zien ikus-entzuleei: «hemendik aurrera, gehiago zainduko dut neure burua”. Bertaratutako guztiak txaloka hasi ziren. “Ez da erraza laguntza eskatzea, maite dituzunen zainketetan murgilduta zaudenean, zure betebeharra eta erantzukizuna direla uste duzulako. Ez zara konturatzen, harik eta etsita eta isolatuta sentitzen hasten zaren arte eta apurka-apurka zeure burua albo batera utzi duzula eta egunez egun apur bat gehiago desagertzen ari zarela ikusten duzun arte”, esan zuen Erabide Emakume Elkarteko Itziarrek.

Farmamundi GGKEk, Erabide Emakume Elkarteko bederatzi emakumek eta Itxaso Díaz dokumentalista bilbotar nabariak ‘CreaSalud’ proiektuko ikus-entzunezko sorkuntzaren inguruko prestakuntza-prozesuaren esparruan zainketen balioari eta baterako erantzukizunari buruz egindako hausnarketa sakonaren emaitza da dokumentala. Era berean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzari esker egin ahal izan da ekimena.

Nahitaezko eztabaida

Emakume hauek beste pertsona batzuen zainketez bete-betean arduratzen diren edo bertan inplikatzen diren bost laguni egin zieten elkarrizketa. Lekukotasun horien bidez, dokumentalak hausnarketa kolektiboa bultzatu nahi du, beharrezkoa delako genero-berdintasunaren eta, batez ere, osasunaren arloko genero-berdintasunaren aldeko aldaketa sozial, politiko eta kulturalerantz aurrera egiteko.

Izan ere, Euskadin, dokumental hau egin deneko autonomia-erkidegoan, gaur egun ere etxeko eta zainketetako lanak emakumeek egiten dituzte gehienbat (%67) gizonen aldean (%32,8). Zehatz-mehatz, euskal emakumeek hezkuntzako eta neska-mutilen, adinekoen zein gaixoen zainketetako lanen %65 hartzen dituzte euren gain, baita arroparekin lotutako jardueren %83, janariarekin zerikusia duten zereginen %69 eta etxeko kudeaketen %62 ere, Eustatek egindako azken datuen arabera.

Horrela, ‘Dena neure gain’ gaur egungo beharrezko eztabaida jorratzen duen dokumentala da, eta biziari eusteko funtsezkoa den arren oso ahaztuta dagoen gaia nabarmentzen du, oraindik ere eragin kaltegarria duelako genero-berdintasunean. “Beste mila dokumental sorrarazi litzakeen hausnarketa interesgarria da, askotan familiak berak ere balioesten ez duen beharrezko lan ikusezina delako”, Jaiok, ekitaldiko parte-hartzaileetako batek, baieztatu zuen bezala.

Dokumentala ikusteko hurrengo datak

‘Dena neure gain’ ikusteko hurrengo hitzordua azaroaren 11n, osteguna, izango da 19:30ean Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean. Erabide Emakume Elkarteak, hain zuzen ere, bertan du egoitza. Ekitaldian, elkarteko emakumeek eta protagonistaren batek parte hartuko dute, baita dokumentalaren zuzendariak eta Farmamundiko talde teknikoak ere. Ekitaldian bertan, zuzeneko musika egongo da, baita ikus-entzunezkoaren osteko mahai-ingurua egiteko gunea ere.

Sarrera doakoa izango da leku guztiak bete arte. Sarrerak erreserbatzeko, https://bit.ly/elpesosobremi estekan klikatu edo Whatsappa bidali 664 290 166 telefonora.