Marinela Cristobal Bustillo Ladrikulan bizi da, Prinzapolka udalerria osatzen duten komunitateetako batean. Hizkuntza propioa duen eta arbasoen tradizioak gordetzen dituen Nikaraguako ingururik ezkutuenetako batean, hain zuzen.
Senarrarekin eta hiru seme-alabarekin bizi da Marinela, etxe xume batean. Zurez egindako etxea da, zutabeen gainean eraikitakoa; euri asko egiten duenean, etxea urez betetzea saihesten dute horrela. Etxekoandrea dela esan digu: “… janaria prestatzen dut, ontziak garbitzen ditut, gosaria prestatzen dut, etxea garbitzen dut, bazkaria prestatzen dut, enpanadak egiten ditu, kafea saltzen dut; askotariko lanak egiten ditut”.
Baina bere familiaren ongizatea sustatu nahi du, eta aurrera egiten lagunduko dieten kordoba estra batzuk lortu ahal izateko hainbat zeregin abian jartzera bultzatzen du horrek. Borondate handikoa da, eta bizitzak eskaintzen dizkion aukerak aprobetxatzen saiatzen da. Gozogintzako ikastaro bat egin du. Ikastaro horrek diploma bat lortzeko aukera eman dio, eta, horrez gain, beste ate batzuk ireki dizkio. Orain, bere negozioa sortzea du amets nagusi, bere eta bere familiaren bizi-kalitatea behin betiko hobetzeko. “Nire negozioa abian jartzea pentsatzen dut, Jainkoak hala nahi badu; dendatxo bat jarri nahi dut, janaria saldu, gasolina saldu, kafetxo bat jarri, eta, horrekin, nire umetxoarentzat esnea lortu nahi dut… eta baita hobeto bizitzea ere”.
15 urterekin hasi zen bere gain hartzen garbiketa-lanak eta etxeko lanak; komunitate hauetan, emakumeek soilik egiten dituzte zeregin horiek, eta haurtzarotik definitzen eta finkatzen dira gizarteko arau horiek haur-jolasen bidez. «Txikitan, sukaldaketan jolasten nintzen nire laguntxoekin, amaketan jolasten nintzen, panpinekin ere jolasten ginen, sukaldean aritzen ginen… 15 urte bete nituenean, hori guztia bizitza errealean egiten hasi nintzen”.
Marinelak, 26 urterekin, uste du bere senarrarekin hainbat urtean bizi ondoren, harremana beste modu batera ulertzen duela orain. Senarrarekin bizitzen hasi zenean, batzuetan, senarrak errieta egiten zion, eta berak, gertatutakoaz asko pentsatzen zuen arren, kexarik gabe onartzen zuen kargu-hartzea. Gaur egun, 8 urte geroago, senarrak nolabaiteko oldarkortasuna edo errespetu falta erakusten duenean, berak geldiarazi egiten du, eta egoera horren aurrean, erabateko arbuioa erakusten du. “18 urte nituen nire senarrarekin hasi nintzenean, nire senarrak errieta egiten zidanean… eta nik entzun egiten nion; baina, orain, zerbait esaten dit batzuetan, eta gaizki ari dela ohartzen naiz…. Eta horrela denean, nire burua defendatzen dut”.
Marinela harro eta pozik sentitzen da bere komunitatean bizitzeaz, leku lasaia delako, eta bere seme-alabak seguru hazi daitezkeelako lekua horretan; zalantzarik gabe, komunitateko kide sentitzen da, komunitate miskito honetan. “…pozik nago, seme-alabak ditut… eta zoriontsu naiz; horregatik bizi naiz hemen, nire komunitatean, eta ez beste leku batean. Niretzat, atsegina da oso nire komunitatean bizi ahal izatea”.