J.M. Barandiaran Institutuak ere parte hartu nahi izan du gogoeta, hezkuntza eta mugikortasunaren esparruko prozesu honetan, eta prest daude beren ikus-entzunezko proiektuak sortzeko.
Beti bezala, gogoeta-prozesu batekin hasi ginen, eta osasunerako eskubideari buruz eztabaidatu genuen, pertsona guztiek osasun-arreta eskuratzeko aukera berak ez dituztela, desorekaz inguraturik bizi garela eta, ondorioz, pertsona askorentzat guztiz bidegabea den gizarte batean bizi garela kontuan hartuta. Ia ez da hitz egiten etxerik gabeko pertsonek, adineko pertsonek, ezintasunen bat duten pertsonek eta beste hainbat eta hainbatek osasunaren arloan bizi dituzten errealitateei buruz, eta askotan ez dira ezagutu ere egiten; desoreka horiek mahai gainean jarri nahi izan genituen, salatzeko.
Pixkanaka, landu nahi genituen gaiak aukeratu genituen, eta baita zer ikuspegi eman nahi genien ere. Ikus-entzunezko eta narrazio berrien inguruko prestakuntza lagungarri izan zitzaigun, gogoeta-lan hori elkarrizketa laburrez osatutako bideoetan jasotzeko. Bideo horien bidez, osasun-arreta eskuratzeko orduan gure inguruan identifikatu genituen desoreka horiek guztiak ezagutarazi nahi genituen.
Oso emaitza ona lortu zen, eta ondorioen aurkezpena bikaina izan zen. Ikasleek egindako bideoen bidez, aukera izan genuen osasunaren arloko hainbat errealitateri buruz eztabaidatzeko, ez baitugu aukerarik izaten askotan gai horiez hausnartzeko; besteak beste, osasun mentalari, haurtzaroko desorekei edota hartutako kalte zerebralari buruz aritu ginen. Horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu gogoeta horiek guztiak gure sareen bidez gure kontaktu guztien artean zabaltzea.
Mila esker ikasle guztiei erakutsi duzuen inplikazioagatik eta egindako ahaleginagatik, eta baita Mireiari ere, irakasleari, proiektu honetan sinesten jarraitzeagatik eta proiektua babesteagatik. Hurrengora arte!