Iaz Ángeles Custodios Ikastetxean egin genuen lan bikaina kontuan hartuta, berriro itzuli ginen, Farmaziako erdi mailako graduko ikasleekin hausnartzen, eztabaidatzen, eta ideiak eta denbora partekatzen jarraitzeko. Oraingoan, iaz baino erronka handiagoa genekarren, elkarrizketa laburren bidez, gure inguruko pertsonek osasun-arreta eskuratzeko aukeretan dituzten desorekei buruzko ikus-entzunezko proiektuak sortu nahi baikenituen.
Nikaraguako emakumeen esperientzia abiapuntu hartuta, lehenengo saioan, osasunerako eskubideari, osasunari eta hori baldintzatzen duten alderdi guztiei buruzko gogoeta egin genuen, eta ikasleek landuko zituzten gaiak identifikatu genituen. Hori guztia, interes handiko eztabaida baten ondoren. Konturatu gabe joan zitzaigun denbora!
Elkarrizketak arrakastaz burutzeko prestakuntzako gako batzuk, bideoaren grabazioari eta edizioari buruzkoak nahiz elkarrizketetako galderei eta plangintzari buruzkoak, landu ondoren, talde bakoitza ikasgelatik atera zen, historia onenen bila, beren proiektua eta gogoetak osatu ahal izateko.
Mila esker parte-hartzaile guztiei, egindako lanagatik, gogoetengatik, eztabaida interesgarriarengatik eta landutako bideoekin hainbat eta hainbat pertsonaren errealitatera apur bat gehiago gerturatzeagatik: ezintasunak dituzten pertsonen, bazterkeria-egoeran dauden haurren, zaintzen esparruko langileen eta aniztasunean oinarritutako hezkuntza-esparruko profesionalen errealitatera. Egindako hedapen-lanak beste pertsona askorengana iristen lagunduko du, gogoeta horiek parteka ditzaten, eta, aldi berean, beste pertsona batzuei helaraz diezazkieten.
Mila esker Ángeles Custodios Ikastetxeari eta irakasleei, beste urte batez gurekin izateagatik eta CreaSaludekin berriro ere erakutsi duzuen konpromisoarengatik!