Geldialdi eta kontinente eta ordu aldaketa ugariko bidaia luze baten ondoren… iritsi gara azkenean Nikaraguara! Hiriburuan lur hartu dugu, Managuan, aintzira eta sumendien lurraldean. Ohikoa duen eromenarekin hartu gaitu, bero itogarriarekin, eta, nola ez, bertako jendearen berotasun atseginarekin.
Hasiera-hasieratik, etxean bezalaxe sentitu gara, bidean aurkitu dugun pertsona bakoitzak berezi egin baitu gure egonaldia. Bidaiaren hasiera da, eta izugarrizko esperientzia izango dela susmatzen dugu jada!
Hainbat diziplinatako hiru lagunek egin dugu bidaia, eta gure kontrapartea den tokiko elkartearekin (AMC) koordinatuta, ikus-entzunezko sormen-lan parte-hartzaile bat garatuko dugu, emakume indigenez osatutako talde batekin batera. Helburua? Emakume horiek ahalduntzea, kazetari herritar gisa jardun dezaten, beren komunitatean nahiz gurean ekimen eraldatzaileak abian jarri ahal izateko.
Horrela, eta lan egingo dugun tokiko AMC elkarteko (gure kontrapartea Nikaraguan) lantaldea ezagutu ondoren, eguneko agenda berraztertu dugu, eta lehenengo aldaketak egin ditugu Rositan eta Prinzapolkan (herrialdeko iparraldeko Karibe Kosta) garatuko ditugun jardueretan. Oso motibatuta gaude guztiok, eta lanean hasteko irrikaz! Orain, parte hartuko duten sei emakumeak ezagutzea besterik ez zaigu falta, eta unea noiz iritsiko gaude!