Blog

Hasi gara lanean!

Bi egunez Managuan lanean aritu ondoren, Bonanzara, Nikaraguako Ipar Atlantikoko Eskualde Autonomoko barrutira, joan gara hegazkin txiki batean, eta handik, Rositara, AMC (Acción Médica Cristiana) elkarteko ordezkaritzak kokatuta dauden barrutira; proiektu honetan gurekin elkarlanean ari den Nikaraguako elkartea da AMC.

Elkarte horretako lantalde handia ezagutzeko aukera izan dugu, eta, pixkanaka-pixkanaka, komunitateko 20170225_104428eguneroko bizitzan eta eguneroko zereginetan sartzen joan gara haien laguntzaz. Harrera ezin hobea izan da, esku zabalik hartu gaituzte! Giro ona sortu da taldean, eta elkarrekin lanean hasi gara, hurrengo egunerako dena prest izateko.

Berehala ekin diogu lanari! Badakigu zeregin ugari ditugula aurrez aurre, eta lana ongi egiteko dugun gogo horrek ez digu minutu batez atseden hartzeko aukerarik ematen. Suhartasun berarekin iritsi dira 6 emakumeak lantegietako lehenengo saiora. Ezagutu ditugu azkenean! Ana Celia, Celmira, Yessmara, Claudia, Irela eta Joeny. Lantegietan izan dira AMC elkarteko Linoska, Cecilia, Yamileth eta Paul ere.

Eskuz esku arituko gara elkarrekin, ikus-entzunezko tekniketan eta elkarrizketen grabazioetan gure gaitasunak hobetzeko eta zabaltzeko, gizartea sentiberatzeko eta aldatzeko baliabide gisa.

Abian dira jada lantegiak! Hasteko, grabazioak egiteko kita ezagutzen hasi dira parte-hartzaileak, eta, ondoren, materiala erabiltzen eta baliabideei buruzko lehenengo grabazioak egiten. Hasiera batean, nahiko beldurti ageri dira, hala aitortu digute beraiek, baina, pixkanaka, kontzeptuak barneratzen joan dira, eta horiek praktikan jarri ditugu; konfiantza-giro aparta sortu da taldean, eta, saioa aurrera doan heinean, gero eta independenteago eta erosoago sentitu dira. Grabatzen hasi gara!

Foto post 2