Blog

Prinzapolkan elkarrizketak egiten

Nikaraguan egin dugun egonaldian, bi barrutiren inguruan egituratu dugu gure lana: Rositan eta Prinzapolkan. Barruti batetik bestera kamionetaz joateko, bi ordu eta erdi behar dira gutxi gorabehera. Karibeko kostaldean, praktikoagoa da distantzia denboraren arabera neurtzea kilometrotan neurtzea baino! Prinzapolkako hiriburutik (Alamikanban) komunitateetara, itsasontzi txiki batean egingo dugu bidaia, Prinzapolka ibaian zehar.

Elkarrekin egin dugu Prinzapolkarako bidaia CreaSaludeko taldekook eta inguru horretan bizi diren emakume parte-hartzaileek: Celmirak, Ana Ceciliak eta Yessmarak. Une oro, Cecilia andrea, Rositako AMCko kidea, gurekin izan da, eta izugarri lagundu digu inguruko komunitateetara gerturatzeko orduan, hainbat eta hainbat pertsona aurkeztu baitizkigu. Atsegin handiz proiektuan laguntzeko prest agertu dira guztiak, gainera.

Horrela, gure berriemaile mugikorrek beren elkarrizketak egin dituzte LaAgríkula, Galilea, Dos Amigos eta beste hainbat komunitatetan. Komunitate horiek guztiak Prinzapolka ibaiaren ertzean daude.

Imágen Nicaragua CreaSalud_1.927.1        Imágen Nicaragua CreaSalud_1.690.1

Haurdun dauden emakumeak, herriko gazteak, emaginak, osasunaren arloko buruzagiak, medikuntza tradizionaleko eragileak eta abar elkarrizketatu dituzte. Grabazio bakoitzean, gero eta trebetasun eta konfiantza handiagoa eskuratu dituzte, eta gai dira dagoeneko grabazio-ekipamendua (mikrofonoa, telefonoa, tripodea, entzungailuak, etab.) beren kabuz erabiltzeko eta elkarrizketak grabatzeko (aurrez galde-sorta prestatu, galderak aukeratu). Hirurek arreta handiz jardun dute lanean.

Prest gaude hurrengo urratserako!

Baina, zer urrats da hori? Gure azken lantegia: prestatzaileen prestakuntza.
CreaSaluden helburua ez da parte hartu duten sei emakume horiek grabazio-tekniketan, bideoen edizioan eta elkarrizketetan prestatzea soilik; horren emaitza gisa, emakume horiek beren komunitateko eragileei gaitasun horiek helaraztea lortu nahi da, kazetari herritar bilaka daitezen.

Parte-hartzaileek eskura dituzte lan hori gauzatzeko beharrezkoak dituzten materiala, informazioa eta ezaguera teorikoak nahiz praktikoak. Amaitzear dago gure lana, baina haiek erreleboa hartu,eta lanean jarraituko dute!